XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

VI BIDEAN

Gaua ez zitzaion erosoa suertatu Juliusi.

Koltxoi biguneko ohean lo egiten ohiturik zegoen eta lurzorua gogorregia gertatu zitzaien bere hezurrei.

Begirik ia ezin izan zuen batu.

Jarreraz etengabe aldatuz ibili zen, gorputz minberatuak agintzen zion arabera.

Alabaina, alferrikakoak izan ziren bere ahaleginak.

Gainera, gau osoan zehar mugimendu handia egon zen kanpamenduan.

Jende-talde berriak etengabe iritsi ziren.

Bestetik, gau-hegaztien urrubiak, igelen kantuak eta ur-korrontearen zaratak ohizkanpokoak zituen Juliusek eta atseginez entzun zituen.

Eguna argitzean jaiki egin zen, bere hezurrek ezin bait zuten lurzorua denbora luzeagoz pairatu.

Ordurako, Mikela itzarririk zegoen eta su txiki baten gaineko eltze batean zerbait egosten ari zen.

Gainontzeko inor itzarri zenik ez zirudien.

- Egunon Mikela -agurtu zuen Juliusek.

- Egunon gazte.

Zer moduz egin duzu lo?

- Lo egin dudanik ez nuke esango.

Horrelako ohe gogorrekin ez nago ohituta eta.

- Konformatu beharko duzu.

Naturaren jauregiak ez du ohe bigunagorik -esan zion Mikelak irribarrez.